jueves, 14 de abril de 2011

TRIKITIXA

Trikitixa botoidun akordeoi diatonikoa da, italiar jatorrikoa. Euskal Herrian XIX.mendetik erabiltzen den haizezko instrumentua da. Europan eta Ameriketan ere ezaguna da, aldaera askorekin.

Gehienetan  panderojole baten laguntzaz jotzen da. Berez, bikote horrek sortzen duen musika motari esateko erabili da trikitixa izena. Erromeria guztietan dagoen instrumentua da.
Teoriarik zabalduenak dio tresna hau Alpeetatik etorri zela, Frantzia eta Italia arteko mugatik. Euskal Herrian, hainbaten ustez Bizkaitik Gipuzkoara egin zuen zabaltze prozesuak.

Trikitixa gutxietsia eta gaizki ikusia zegoen jendartean: Apaizek "infernuko hauspoa" esaten zioten, gazte jendea dantza lotuan egitera tentatzen baitzuen, Elizak dantza horiek debekatzen zituen garaietan. Eliza, udala eta gobernu zibila baturik zeuden eskusoinuaren kontrako gerra batean, erromeriak debekatuz eta kasuren batean, baita dantzariak eta musikariak atxilotuz ere. Gainera, "soinu handiak", hau da, akordeoiak "soinu txikiak" baino ospe handiagoa zuen jendartean, akordeoilariak solfeoa ikasitakoak izaten zirelako gehienetan, besteak ez bezala.

martes, 12 de abril de 2011

IKURRINA

Ikurrina Euskal Herriko bandera eta ikur nagusia da. Oinarri gorriaren gainean, gurutze zuri zuzen batez eta gurutze berde zeihar batez osatua dago. Luis Aranak marraztu zuen 1894. urtean.

Bizkaia irudikatzeko sortua, laster alboratu zen hasierako esanahi hura, Euskal Herri osoaren ikurtzat hartzen hasi baitzen. Arana ez zegoen bilakaera horrekin ados. Horregatik, 1907. urtean zazpi bandera berri marraztu zituen Luis Aranak: Euskal Herriarentzat orokor bat (Euskadiko Konfederazioaren Bandera) eta sei lurraldeentzat bana (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa). Proposamen horiek, baina, ez zuten arrakastarik izan.
Aznar sailburu sozialistaren proposamenez 1936. urtean Euskadiko bandera ofizialtzat hartu zen. Hala ere, Aranatarren hasierako neurriak egokitu behar izan ziren, Victor Bilbao Goioagaren ehungintza-gizonaren aholkuei men eginda. Izan ere, jatorrizko neurriei eutsiz gero, ikurrina nekez ikusiko zen urrunetik, batez ere gurutze berdea oinarri gorriaren gainean. Horrela, ikurrin osoaren luze-zabalera mantenduta (500 x 280), gurutzeen zabalera 43 cm-ra handitu zuten.

Francok1939an legez kanpo utzi zuen, eta diktadura osoan ikurrina debekatua egon zen Hegoaldean, baina Ipar Euskal Herrian arazorik gabe erabili zen.
1977an berriro legeztatu zuten ikurrina Espainiako legedian, eta Euskal Autonomi Erkidegoko bandera ofizialtzat hartu zen, nahiz eta lehenagotik Euskal Herri osoaren ikurtzat erabili den eta erabiltzen den.




miércoles, 6 de abril de 2011

LAUBURUA

Ikur honek eguzkia irudikatzen du, zenbait adituen ustez, eguzki izpiak eta honen mugimendu birakaria era sinbolikoan agertuz. Antzinako euskal erlijioaren seinale, Ama Lurra eta Eguzkia gurtzen ziren garaietakoa. Beste hainbat euskal ikurrek ere irudikatzen dute eguzkia, zurezko kutxa eta hilarrietan zizelkatuak sarriago ikusten ditugunak.
Nahiz eta euskal ikur zabalduenetakoa izan, ez da erabili inongo armarri edo banderan, hau da, ez du XX.mendea arte inolako erabilera instituzionalik izan. Gaur egun sarri erabiltzen da "euskalduntasuna" adierazteko, balio kulturala baitu, ez politikoa. Askotan agertzen da "euskal" jatorriko produktu eta dekorazioan.
Lauburuak harreman estua du zelten gurutze gaeliko eta hiruburuekin, baita ere arioen esbastika ikurrarekin (Indian erruz erabilia, hindu erlijioan, gero naziek hartu eta endekatua). Ahaide urrunagoak ere baditu, Txina eta Koreako hainbat tenplutan agertzen da bizitza edo zortearen ikurra, esaterako.