Trikitixa botoidun akordeoi diatonikoa da, italiar jatorrikoa. Euskal Herrian XIX.mendetik erabiltzen den haizezko instrumentua da. Europan eta Ameriketan ere ezaguna da, aldaera askorekin.
Gehienetan panderojole baten laguntzaz jotzen da. Berez, bikote horrek sortzen duen musika motari esateko erabili da trikitixa izena. Erromeria guztietan dagoen instrumentua da.
Teoriarik zabalduenak dio tresna hau Alpeetatik etorri zela, Frantzia eta Italia arteko mugatik. Euskal Herrian, hainbaten ustez Bizkaitik Gipuzkoara egin zuen zabaltze prozesuak.
Trikitixa gutxietsia eta gaizki ikusia zegoen jendartean: Apaizek "infernuko hauspoa" esaten zioten, gazte jendea dantza lotuan egitera tentatzen baitzuen, Elizak dantza horiek debekatzen zituen garaietan. Eliza, udala eta gobernu zibila baturik zeuden eskusoinuaren kontrako gerra batean, erromeriak debekatuz eta kasuren batean, baita dantzariak eta musikariak atxilotuz ere. Gainera, "soinu handiak", hau da, akordeoiak "soinu txikiak" baino ospe handiagoa zuen jendartean, akordeoilariak solfeoa ikasitakoak izaten zirelako gehienetan, besteak ez bezala.

No hay comentarios:
Publicar un comentario